gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko urriak 9, asteazkena

 



Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasunetako bat Gipuzkoako kultur ondarearen zaintza bermatzea da. Horretarako, titulartasun publiko edo pribatuko ehunka elementu birgaitu, zaharberritu, induskatu eta garrantzia ematera bideratutako programa ugari burutu ditu azken hogeita hamar urteotan, udal eta partikular askoren eta eliza katolikoaren laguntzarekin.

Ondarea mantentzeak berezko garrantzia duela eta, beraz, lan horretan ahal den gehien saiatu behar garela uste dugu. Baina berebiziko garrantzia du, horrez gain, hiritarrei egin diren jardueren berri emateak, askotan gure ondarea desagertzea ekidin baitute.

Duela gutxira arte, legegintzaldi bakoitzean egindako esku-hartzeak azaltzen zituen argitalpenen bidez egin dugu jardueren hedapena. Baina baliabide teknologiko berrien agerpenari esker, dibulgatzeko modu hori alde batera utzi eta zuen eskura jarri dugun web orri honen bidez egitea erabaki dugu.

Web orri hau Gipuzkoako higiezinen ondare historiko-artistikoari buruzkoa da, eta balio eta mota ezberdineko 818 eraikinen informazioa eskaintzen du: elizak, ermitak, erretaulak, baserriak, dorretxeak, errotak, burdinolak…

Bilaketak egiteko aukera zabala du webguneak: alde batetik, udalerriaren arabera edo eraikin motaren arabera bila daiteke, eta eremu askea ere badu, bilaketa norberak nahi duenaren arabera egin ahal izateko. Bestetik, bilaketa aleatorioa egiteko aukera eskaintzen du.

Ondare-elementuei buruzko informazio ugari lor dezakegu webgunean: deskribapena, dagokien kultur garrantziari buruzko informazioa, egin zaizkien esku-hartzeen azalpena, esku-hartze horien data eta kostua, etab. Higiezin bakoitzarekin erlazionaturiko argazki-bilduma ere ikus daiteke. Ondare Historiko-Artistikoa, Artxiboak eta Museoak Zerbitzuaren artxiboarenak dira argazkiak eta, artistikoak ez diren arren, hiritarrei eskaintzeko interesgarriak direla uste dugu, ondare-elementu horien zaharberritzeari buruzko alderdi zehatzak islatzen baitituzte. Elementu bakoitzaren erreferentzia geografikoari esker, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bilatzaile geografikoaren Gipuzkoako mapan kokatzea eta bere baliabideak erabiltzea ahalbidetzen du (http://b5m.gipuzkoa.net).


Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2009 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net