Hieldo toponimoa, gaur egun Igeldo, XII mendeko dokumentuetan aipatzen delako batetik eta bestetik egungo elizak gordetzen dituen ustezko arrasto erromanikoengatik (presbiterioaren alde bietan lehio bana), zenbait autorek elizaren sorrera XII mendean kokatzen dute.
Halere, San Pedro elizaren aipamenik ez da ageri 1478 urtearte.
Dokumentu baten arauera, Pedro de Soravilla, San Vicenteko bikarioak 1478ko Abuztuaren 31ean alokatu zituen "Igeldoko San Pedro abatetxeko" fruituen hamarren guztiak.
Egungo tenplua XVI mendean hasi ziren berrikuntza inportanteen eta ondorengo mendeetan jasandako aldaketen ondorioa da.
Honela, kanposantua, elizaren aldamenean zegoena, XVII mendearen bigarren zatian estali egin zuten eta bertan ate bat ireki zen lau harmaila harlandurekin elizako sarrera argitzeko. Menditik zetozen urak bideratzeko erreten bat ere egin zen.
1696 urtean seroretxe berria eraiki zen, kanpandorreari erantsita.
XVIII mendena eraiki zen "Orio aldetik kanposantuan sartzeko dagoen ateko arkua".
Vicente Jose Segurak egin zuen Orion 1806ean erretablo nagusi berria, gero Manuel Gorostidik pintatu zuena.
Erlojua, Pedro M.ª de Arrillagak Iruinean egina, 1849 urtean jarri zen bere lekuan.
Oinplano angeluzuzen eta burualde zuzeneko eliza nabe-bakarra, itxuraz gurutze-ganga moderno batzuekin estalita, horien nerbioak hareharrizko harlandu sinpleek eratutako mantsula batzuetan irozotzen direla.
Zurezko egiturazko koru bat darama oinaldean, harrizko arku oso beheratu batek sostengatuta.
Presbiterioaren alde bietan erdi-puntuko arkuan txaranbeldutako bi leihate ageri dira, moldura edo baketoiz apainduta. Gaur egun itxita daude.
Zurezko egiturarekin estalitako eliz atari itxi batek korritzen du eliza aurretik atzeraino epistola aldetik. Hemendik sartzen da elizara, giltzarri irtenarekiko erdi-puntuko arku bat eta moldura-sail batezko altuera handiko portada batetik.
Dorrea izkin batean dauka tenpluaren oinaldean.
Eraikin hau kultur ondasun kalifikatu izendatuta dago, Eusko Jaurlaritzaren 2000ko urtarrilaren 25eko 14/2000 Dekretuaren bidez.
SUBENTZIONATUTAKO OBRAK
Konponketak nabearen estalkian eta berorren erreteila, egituren sendapena gangetan, barneko paramentuen apailamendua eta pintaketa eta hezetasunen kontrako tratamenduak fatxadarik erasanetan.
SUBENTZIOAREN ZENBATEKOA
1983ko Plana: 1.000.000 pta.
1984ko Plana: 2.000.000 pta.