Maria Magdalena ermita 1625ean aipatzen du Lope de Isastik Areriako Alegian kokatuz. Hau gaur egun Ezkio-Itsaso herrian dago.
Luis Murugarrenek Magdalenako hospital lanetan jardun zuenaren omenetan egindako Gipuzkoako eliza eta ermiten datak aztertzen dituenean, atzeraka XVI mederarte garamatza.
Dauden datuen ondorioz baieztatu daiteke ermita hau, berari erantsitako etxea bezala, XVI mendean ospitale txiki edo lazaretxea zela.
Bestalde, egungo elizaren hormetan, eraikuntzaren bi garai desberdin bereiz litezke. Behekaldea harlanduz egina, eta arku erdi-puntuko portada dobela handiekin dago, hareharriz egindako ur-bedeinkatu ontzi bat ere badago, eta guztiak XVI mendean kokatu daitezke.
Magdalenaren taila zur polikromatuzkoa, sakristian aurkitzen dena ere garai berean koka genezake.
Hormen goikaldea, dorrea eta ataria, berriagoak dira berriz.
Badakigu 1925 urtean Felisa Samames Andereak 15.000 pezeta eman zituela Maia Magdalenaren eliza edertzeko, apaintzeko.
1927 urtean erabaki zen eliza berriztatzea, hobetuz eta sakristia eta dorrea berriak eginaz. Berriztatze lanak hain zabalak izan ziren, non elizako zaindariaren irudia ere aldatu egin bait zuten.
Oinplano angeluzuzeneko nabe bakarreko landa-eliza, bertarako sarrera oraindik berriki samar egina den zurezko egiturazko atariak babesturik dobelarrizko erdi-puntuko arkuan eraikitako portada batetik egiten dela.
Nabea ageriko zurezko egitura batek estaltzen du, albo-murruetan irozotuz.
Badu koru bat, zurezko egiturazkoa dena, atzeko partean; alderdi honetan, eta tenpluari eratxekita, oinplano lauangeluarreko dorre bat dago.
SUBENTZIONATUTAKO OBRAK
Teilatuaren egitura sendatzea eta kanpoko eta barneko paramentu bertikalen apailamentzea.
SUBENTZIOAREN ZENBATEKOA
1985eko Plana: 2.000.000 pta.