gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko maiatzak 1, asteazkena

 

select * from iglesias where id = '815'

HOTEL AROZENA

Irudia

Arocena Hotela (antzina Oyarzabal Hotela) 1908. urteko eraikuntza da, ustez Jose Gurrutxaga arkitektoak egina. L formako eraikin trinkoa da, bi bolumen angeluzuzen etzan batu izanaren emaitza. Erdiko gorputza altuera handiagoan ezarrita dago eta simetria-ardatza irudikatzen du multzoaren konposizio nagusian. Eraikinak etxabea, goiko hiru solairu eta estalkipe mantsardaduna ditu, erdiko zatian izan ezik, hor bost solairu ditu-eta. Lorategiz hornitutako sarbideak hotelaren itxura edertzen du.
Hotelaren fatxada nagusi lauan oso ordena erregularra dute baoek eta arinki dekoratutako hormatal aizunek. Bolumen angeluzuzen etzan handia orekatzen duten 15 bao-ardatz bertikal ditu konposizioak. Eraikinak zokalo edo basamentu moduko etxabea du, fatxadaren gainerakotik bereizten duen tratamenduarekin, eta inposta bat du goiko solairuetatik bereizteko. Etxabeak
erabat jarraitzen dio goiko solairuetako ardatzen segidari eta altuera handiko bao burudun uniformeak ditu; erdikoa eta muturretako biak nabarmentzen dira, ateak eta altuera handiagokoak baitira, gainerakoak leihoak dira-eta.
Goiko hiru solairuek bao eta hormatalen lerro bertikal handien alternantziako eskema jarraitzen dute. Erdiko gorputza eta muturretako angeluak arinki markatzen dira, bertan hormatalak zabalagoak baitira. Dekorazio-elementuak soilak dira eta leihoek burdinlanez egindako karelak dituzte, landare-motiboekin. Eraikinaren ardatza osatzen duen erdiko gorputzak hiru ardatz
ditu, erdikoa besteak baino zabalagoa, eta hirugarren solairuan fatxadako jatorrizko bao burugabe bakarra nabarmentzen da: erdi-puntuko arkudun leiho handi bat. Altuera handiagoa duen erdiko gorputz horretan hotelaren izena jasotzen duen inskripzio bat dago, hirugarren eta laugarren solairuen artean. Bosgarren solairuan eraikinaren handitze bat dago, erdi-puntuko arkuak
dituzten galeria moduko bost bao estu dituena.
Teilatu-hegal batek goiko hiru solairuak mugatzen ditu eta gainean estalkipe mantsardaduna dago, XX. mendearen bigarren erdian egindako handitze baten emaitza.
Eraikinean beste handitze bat egin zen 20ko hamarkadan, alboetako batean, eta horregatik du, gaur egun, L formako eskema bolumetrikoa. Alboetako fatxadek alde hori erakusten dute: batak jatorrizko blokearen zabalera mantentzen du, bao-ardatz bakarrarekin, eta besteak, aldiz, handitzearen luzeraren ondorioz, funtsean fatxada nagusiaren konposizioari eta estiloari jarraitzen
dion hamabi bao-ardatzeko fronte handi bat osatzen du. Fatxada nagusiaren eta albo horren artean trantsizio-hormatal bat dago, zirkulu-formako bao txikiak dituen lantzer moduko angeluan.
Barrualdean etxabea nabarmentzen da; burdinurtuzko zutabeek eta ate eta leihoetako arotzeriak, aretoetarako sarrerako ardatz bertikaleko ate birakariek esaterako, itxura modernista ematen diete harreralekuari eta aretoei.

SUBENTZIONATUTAKO OBRAK
Estalkia zaharberritzea.

SUBENTZIOAREN ZENBATEKOA
2009ko Plana: 27.000 €


ZESTOA

Situación del pueblo. Pulse para ver el plano b5m
B5m planoa

    IRUDIAK

  • irudia
  • irudia
  • irudia
  • irudia
  • irudia
  • irudia
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2009 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net