Gaur egun harridura sor lezake ohizko komunikabideetatik aparteko lekutan honelako eliza bat topatzeak.
Honek adierazten digu, kostako bide zaharraren ondoan kokaturik dagoen Askizuko guneak, beste garai batzutan garrantzi handiagoa izan zuela. Bestalde, tenplu honen kokaguneak badu zer ikusirik bere adbokazioarekin, San Martin, erromes eta ibiltarien patroiari eskainia bait dago.
Tenplu hau, bere itxura eta barruko giroarengatik, Gipuzkoan gotikotzat har daitekeen bakarrenetakoa da. Bere elementu arkitektonikek: portada, leihate, gangen euskarriek eta abar...; eta bertan gordetzen diren ondasun higigarriek, aldare nagusiko kalbario gotikoa nagusi dela, eliza honen jatorria XIV mendean kokatzeko aukera ematen digute.
Pasadizo gisa aipa dezagun, Juan Sebastian Elkanok bere testamentuan uzkuntza bat egin zuela Askizuko San Martin elizarentzat eta inguruko beste eliza eta ermita batzurentzat.
Nabe bakar eta burualde zuzeneko landa-eliza, beren nerbioak ongi landutako mentsuletatik abiatzen diren gurutze-gangekin estalita. Bai nerbioak eta bai mentsulak hareharrizkoak dira, eta plementeria, ageriko adreilu trinkozkoa.
Kalbario interesgarri batek presiditzen du aldare nagusia eta beirateekin apaindutako arku zorrotzezko leihate bana daramatza albo banatan.
Elizarako sarrera, gaur egun, dobeladun erdi-puntuko arkuan egindako ate batetik egiten da. Eliz atariak babestuta, portada zorrotz bat aurkitzen da, izar eta giza buruekin apaindutako kapitelekin.
Kanpoko hormak hareharri landuzkoak dira, eta estalkia bi isurkikoa zurezko egiturarekin.
Eraikin hau kultur ondasun kalifikatu izendatuta dago, Eusko Jaurlaritzaren 2000ko urtarrilaren 25eko 14/2000 Dekretuaren bidez.
SUBENTZIONATUTAKO OBRAK
Estalkia konpontzea, murruak sendatzea eta kalbarioko zurezko irudi tailatuak zaharberritzea.
SUBENTZIOAREN ZENBATEKOA
1983ko Plana: 2.000.000 pta.
2002ko Plana: 33.600 €
2003ko Plana: 93.000 €