Gurutze latindarreko oinplanoa eta zortzialdeko absidea dituen eliza. Gurutzadura gangak. Kanpoaldean kontrahormak dituzten silarrizko hormak. Elizaren oinaldearen erdialdean, barrenetik hiru erdi-puntuko arkuz zulaturiko dorrea; arku horietatik sartzen da elizara, arkupe txiki batetik.
Ibarrako aintzinako eliza Etxezarreta oinetxearen ondoan zegoen.
Oraingo eliza XVI. mendearen erdialdean hasi zen eraikitzen. Miguel de Idogaratek garai hartan egin zuen lan bertan, elizaren kanpoaldeko hormak egiteko kargua bera bait zuen.
Pentsatzekoa da 1580. urterako obra nagusia amaiturik zegoela, Martin de Agirre harginak 1582 eta 1587 artean egin bait zituen gurutzadura gangak.
Erretaula nagusia intxaur-zurez egiteko Joanes de Ayerdi arktektuarekin ("artífice arquitecto") 1640 urtean kontratu bat egin bazen ere, behin betiko kontratua 1641eko maiatzaren 26ra arte ez zen egin. Kontratua sinatu zuten alderdien artean zenbait izkamika izan behar izan zuen, 1654. urte arte ez bait zen erretaula hori ikuskatu.
1693ko otsailaren 11ean "hotsa eta dunbada izan zen elizan" estalduraren zati bat lurrera erori bait zen. Domingo de Landak egin zituen zurezko egitura konpontzeko premiazko lanak.
1760. urtean Martin de Carrerari eman zioten dorre berriaren traza egiteko kargua, lehen zegoen zurezko dorrea hondatzeko zorian bait zegoen. Hala ere, 1769. Urtean hasi zen eraikitzen. Martin de Carrera urte horretan hil eta Juan Antonio de Uzcuduni eman bait zioten obren ardura; 1777. Urte inguruan bukatu zituen lanak horrek.
Etxezarretako San Bartolome elizako harriak erabili zituzten dorrea eraikitzeko; izan ere, oso egoera txarrean zegoela ikusirik, 1769an eraitsi bait zuten aintzinako eliza hori.
SUBENTZIONATUTAKO OBRAK
Estaldura eraberritzea, erretaula nagusia kutsagabetzea, sendotzea eta zaharberritzea eta ingurua errekuperatzea.
SUBENTZIOAREN ZENBATEKOA
1988ko Plana: 8.500.000 pta.
1990eko Plana: 6.000.000 pta.
1998ko Plana: 1.000.000 pta.
2004ko Plana: 18.000 €
2005eko Plana: 80.000 €