Madrilgo Artxibategi Historikoan gordetzen den 1025. Urteko agiri batek, alde batetik, eta Altzo-Azpiko elizako lurraren azpian ikus daitezkeen aztarna arkeologikoek, bestetik, baieztatzen bide dute aintzinako garai haietan eliza txiki bat bazela, "Olazabalgo San Salbatore Monastegi" zeritzana.
Gaur egungo eliza, Gipuzkoako lurraldean ikusten ditugun gehienak bezalaxe, XVI. mendean hasi zen eraikitzen, baina ez zuen izan bere behin betiko itxura, ordea, XVII. mendearen urte dexente pasa arte.
Badakigu 1705ean arkupean eta koruan obrak egin zirela. Sakristia, berriz, 1715 eta 1718 urteen artean egin zuten. Nabea estaldatzen duten gangak, 1746. urte aldera buru zituzten.
1769an parrokiko Erakuntza Liburuek Martin de Carrera arkitektu ospetsuaren berri ematen digute, bertan bait dago berak egindako "ezinbestez burutu behar diren obrei buruzko" txostena. Kanpandorrea handik gutxira eraiki zuten, 1770 eta 1773 urteen artean, hain zuzen ere.
XIX. mendean, 1812. Urte aldera, tropa frantziarrak, atzera ihesi zihoazela, eliza lapurtu zuten "apaizaren ornamentuak eta beste jantzi batzuk" beraiekin eramanez; jantzi horiek 1815. Urtean itzuli ziren ostera.
Azkenik aipatu behar dugu 1971. Urtean zorua berritzen ari zirela, itxura erromanikoa duten aintzinako elizaren zimenduen aztarnak aurkitu zirela; aurkikuntza horrek garrantzi historiko handiko eraikin bihurtu du San Salbatore eliza.
SUBENTZIONATUTAKO OBRAK
Lurrera eroritako ganga zatia berregitea eta elizaren eta ateaurreko estaldurak erabat berritzea.
SUBENTZIOAREN ZENBATEKOA
1987ko Plana: 8.300.000 pta.
1988ko Plana: 5.700.000 pta.
1999ko Plana: 2.500.000 pta.