Lau isurialde ditu, Katuin errekaren meandro batean dago, oinplano ia karratua du (15,50 x 16,50 metro), behe-solairu bat, bi solairu eta teilatupeko solairua; eraikinaren gorputza mendebaldeko fatxadara atxikita dago, 7 bider 10 metro ditu eta bi isurialde. Gorputz nagusian, hormak bigarren forjaturaino iristen dira, eta morteroz apaindutako harlanduz egina da.
Solairu horretatik aurrera, beste hiru fatxaden egitura zurezkoa da, mortero zarpiatuzko manposteriaz betea, eta zementu-esne pixka batez luzitua. Laugarren fatxadan galeria bat dago. Teilatupeko solairua, forjatu aldean, pixka bat goratu egin da eta bere lau fatxadetan irekita dago, hego-ekialdean izan ezik; bertako fatxada fabrikaz itxita dago, behe-bilbedunean bezala.
Mendebaldeko fatxadan, eraikin nagusiak bi gorputz ditu erantsita: hego-erdialdean zahar bat eta ipar-erdialdean, berriz, berri bat. Eranskin zaharra nagusia bezain zaharra da, eta, beraz, haren balio kultural bera du. Behe-solairuaz gainera -harlanduzko itxitura du eta ukuilu gisa erabiltzen da-, lehen solairu bat du -zurezko bilbaduraz egina eta adreilu trinkoz inguratua-, lastategi gisa erabiltzen dena, bi isurialdekoa. Eranskin horrek harlanduzko eskantzuak ditu, eta mendebaldetik
zuzenean sar daiteke bertara. Halaber, eraikinaren ezkerreko zatiari metalezko egitura moderno bat erantsi zaio, xafla izurtu batez estalia. Biltegi eta lastategi gisa erabiltzen da.
Hegoaldeko fatxadak, lehen solairuaren altueran, hiru bao desberdin ditu: aldeetakoak handiak dira eta erdian dagoena, berriz, txikixeagoa. Lerroan daude jarrita, tarte erregularretan, eta erdikoak harlanduzko ezpadura du. Bigarren solairuan, fatxadak zulo handi bat du eta, alderik alde eta luzetara, zurezko baranda bat dago; ezkerraldean, hormarte osoaren sakonerakoa eta
eskuinaldean, berriz, pixka bat txikiagoa. Teilatupeko solairuan, fatxadak zurezko ohol-itxiturak ditu, tartekatuta. Ekialdeko fatxada, behe-solairuan, gutxi ikusten da, euste-hormatik gertu baitago. Fatxada horretan duela gutxi egindako sarrera-zubi bati esker, eraikin nagusiaren lehen solairura zuzenean joan daiteke. Sarbide horretaz gainera, solairu horretan bi bao gehiago daude,
harlanduzko ezpadurak dituztenak, eta ezkerrean, hirugarren bao bat, kareldun balkoikoa. Bigarren solairuan, fatxadak bao handi bat du ezkerraldean, zurezko karela duena, eta hegoaldeko fatxadaren galeriako ekialdeko ertzarekin bat datorrena. Horren parean, beste bi leiho-bao daude, tarte erregularretan jarrita. Iparraldeko fatxadan, eraikin nagusirako sarbidea dago. Horregatik, dinteldun ate bat dago harlanduzko ezpadurarekin, fatxada horren behe-solairuan eta simetriaardatza baino pixka bat eskuinerago. Gainera, leiho-bao bat dago sarrerako atearen ezkerraldean. Lehengo solairuan, hiru leiho-bao daude simetrikoki kokatuak eta harlanduzko ezpadura dutenak. Bigarren solairuan hiru bao daude, lehenengo solairukoak baino txikiagoak;
ardatz bertikalean daude ipinita eta harlanduzko ezpadura dute. Gainera, teilatupeko solairuaren parean, fatxadak zurezko ohol-itxiturak ditu, tartekatuta.
Eraikin nagusiaren egitura hiru hormartez osatzen da, lau ardatz simetrikoz eta euskarri desberdinez mugatua: horietako bi karga-hormaren kontra; bat sekzio karratuko harlandu-zutabean (lehen solairuko forjaturaino iristen da), eta azkena, hormigoizko zutabearen kontra, eusteko eta errefortzu gisa. Forjatuen bilbadura habeez eta sekzio handiko gapirioz egina dago. Estalkiaren armadurak egitura konplexua du, eta honako elementu hauek ditu: habeak, uhalak, pieza bakarreko korbak eta gapirioak, enara-isats itxurako beso mihiztatuak dituzten tiranteez lotuak. Kanpo-perimetroko hormak zurezko habeetan eusten dira, zulo txikien lerrokada batean; zulo horietan teilatupea ixteko barrak zeuden, baina horiek desagertu, eta egun ohol batzuk daude.
Eraikinaren antolamendu funtzionala pieza bakarreko eskailera batek osatzen du; eskailerak zurezko oinarriak ditu, eta behe-solairuko ukuilutik etxebizitza dagoen lehen-solairura joateko bidea dira. Bigarren solairura joateko bi ataleko eskailera dago, eta honek ere pieza bakarreko oinarriak ditu, baranda bat, eta muturrak buru-irudi batez errematatuta daude. Hirugarren eskaileratik igota, teilatupera joaten da.
Egurbidetorrea baserria XVII. mende hasierako eraikina da. Gerora, fatxadan bao batzuk egin eta handitu zaizkio. Berrikuntza horiek jatorrizko eraikina egoera onean babesten dute, eta eraikinaren elementurik nabarmenena zurajea da.
DIRUZ LAGUNDUTAKO OBRAK
Teilatua eta fatxadak zaharberritzea.
DIRULAGUNTZAREN ZENBATEKOA
2008ko plana: 41.000 €