gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena

 

select * from iglesias where id = '755'

SAN JOAN BATAIATZAILEA

Irudia

Latin gurutzeko oinplanoko eliza, gurutze ganga eta burualde trapezoidala duena. Obra harlanduzkoa da, kareharrizkoa perimetro horman eta hareharrizkoa kanpandorrean. Horma bularrek sendotu egiten dituzte hormak: bi atzealdean, bana alboetan eta hiru absidearen aldean.

Bao gutxi daude, egikera askotarikoak eta era irregularrean banatuak. "Jatorrizko baoak turuta gisako hutsarte estuak dira, erdi puntuko arku dobelatu batez amaituak, burualdeko absidean eta koru aldean izan ezik" (García; Agirre; Moraza, 2005), horiek turuta gisako idi begiak baitira.

Sarrera nagusia mendebaldeko fatxadan dago eta Berpizkundeko ereduei jarraitzen die: "Erdigunean erdi puntuko arku bikoitza ageri da gailen, dobelak eta diamante puntaz dekoraturiko zango landatuak dituena, eta horren alboetako doriar zutarri ildoxkatu bien gainean erlaitz molduratua duen frontoi laua bermatzen da. (...) Jatorrian, sarrera nagusi horrek estalki arkupeduna zuen, eta haren hegala ataurreko enkatxoak markaturiko mugetaraino iristen zen; gaur egun ez du estalkirik, duela hogei urte eraitsi baitzuten. Sarreraren alboetan, harriz landuriko ur bedeinkatu ontzi bana daude" (García; Agirre; Moraza, 2005). Hegoaldeko fatxadari atxikitako atarian eta horman eta harlanduxkazko zutarrietan bermaturik, beste hutsarte bat irekitzen da arku zorrotz dobeladun forman, gaur egun itsuturik dagoena.

Iparraldean kanpandorrea nabarmentzen da; bata bestearen gainean hareharrizko harlanduzko bi gorputz ageri dira, eta goialdean, aurrekoen gainean, harlangaitzezko beste bat, 1981ean egindako hormigoizko kupularekin. Bigarren gorputzean bao estu batzuk daude, erdi puntuko arku itsutuekin; hirugarrenak, aldiz, "berriki egindako lau bao ditu, erdi puntuko arku forman eginak, eta forjazko karela dutenak, eta haren barnean lau kanpaiak daude. Kanpai horiek agerian dute urtea: 1768 eta 1791" (García; Agirre; Moraza, 2005). Dorrearen oinean, erdi puntuko bi arkuk moldaturiko bi hutsarte ageri dira, dorrearen azpitik pasatzen uzten dutenak.

"Barnealdean, habearte bakarra gurutze gangaz estalia dago, erdialdean medailoiak ditu eta haren hiru atalak erdi puntuko parpain arkuek bereizita daude, zeinak apur bat zorrotzak diren gurutze habearteko kaperetan" (García; Agirre; Moraza, 2005). Hormak eta gangak margoturik daude, nahiz eta pintura aski hondatua den.

"Absidearen erdialdean kokaturik dago aldare nagusia erretaula neoklasikoarekin batera, San Joan Bataiatzailearen zurezko tailu neoklasiko bat gailen ageri da, Sagrarioaren gainean ezarria, alboetan San Pedro eta Santiagoren tailuak dituela. (...) Gurutze habeartearen albo kaperek, halaber, erretaula bana dute, neurri txikiagokoa, Andre Mariari eskainiak. Eskuineko albo kaperatik sakristia gunera iristen da" (García; Agirre; Moraza, 2005).

Oraingo sakristia geroago erantsi zaio, eta antzinakoak gurutze gangak mantentzen ditu.

Zurezko korua tenpluaren oinetan dago. Bataiarria "egikera guztiz soileko bloke monolitiko batean egina da." (García; Agirre; Moraza, 2005)

Badakigu 1350etik gutxienez eliza bat zegoela Belauntzan (Insausti, 1969: 22), nahiz eta, bistan denez, oraingoa gerokoagoa den.

Gure esku daukagun lehenengo aipamen dokumentalaren arabera, 1549an bazegoen (TDBD) "XVI. mendearen azken laurdenean, eraberritze eta berreraikitze lan garrantzitsuak burutu ziren eraikinean Martin Agirre hargin maisuaren eskutik; berak "egin eta moldatu zituen transeptua, kaperak eta portalea, aldareak eta predikulekua eta beste hainbat lan" (García; Agirre; Moraza, 2005). 1605ean jasorik daude sarrera atean egindako konpontze lanak, Joan Basaiatza eta Miguel Olazabalen ardurapekoak. "1670ean Juan Sagues arkitekto maisuak erretaula nagusi berria gauzatzeari ekin zion. Zenbait urte geroago, 1712an, erretaula berri bat moldatu zuten Juan Bautista Uretaren trazaren arabera". 1827an eraberritze lanak egin zituzten berriro.

"Obra berrienek kanpandorre aldea ukitu dute gehienbat, hura 1981 urtean berregin baitzuten" (García; Agirre; Moraza, 2005).

Linazasororen arabera, "berriki Kristo gotiko moztu bat aurkitu zuten kupula dorrean " (Linazasoro, 1977).



SUBENTZIONATUTAKO OBRAK
Teilatua zaharberritzea zurajea sendotuz. Esku-hartze arkeologikos.

SUBENTZIOAREN ZENBATEKOA
2008ko Plana: 44.000 €
2009ko Plana: 172.019,56 €
2010eko Plana: 90.000 €


BELAUNTZA

Situación del pueblo. Pulse para ver el plano b5m
B5m planoa

    IRUDIAK

  • irudia
  • irudia
  • irudia
  • irudia
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2009 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net