Ereduzko eraikin postherreriarra, muino batean kokatua hirigunetik hurbil. Oinplano karratukoa. Sarrerako fatxadan bi solairu ditu lehen erlaitzeraino, eta hiru ondoko fatxadan lurraren gorabehera dela eta. Bi fatxada horiek harlanduzkoak dira, eta harlangaitzezkoak albokoak. Hutsarte berriren bat zabaldu dute. Sarrerako fatxadak bost hutsarte ditu solairuko, konposizio simetrikoan banatuak. Fatxada nagusian burdin forjatuzko bost balkoi kareldun ageri dira. Ipiñarrietatarren armarri bana erdiko balkoiaren bi aldeetan. Jauregiko beste fatxada garrantzitsuak zazpi hutsarte kareldun ditu solairu nagusian eta lau beheko solairuan. Hiru hutsarte guztiz txikik argitzen dute sotoa. Lau fatxadetako hutsarte guztiak oineko platabandaz azpaturik daude. Dorrexka bat gailentzen da estalkian; alde bakoitzeko hiru leihatek argitzen dute jauregiaren erdigunea, hiru tarteko eskailera bati dagokiona. Gaur egun baserri gisa erabiltzen da. Beheko solairuaren banaketa aldatu da, baina eskailera eta aretoak kontserbatzen dira, baita sabaiko kasetoi aberatsa eta zoruko haritzezko oholtza ere. Eskailerako balaustrada eta ezkaratzeko estalkia galdu ditu, marmolezkoak biak. Zurezko egituraz den bezainbatean, parte handi bat kontserbatu da, eskuairalde handiko gapirioak barne. Atzealdeak eta eskuinaldeak -fatxada nagusira begira- zurezko egituren ordez hormigoizkoak agertzen dituzte.
SUBENTZIONATUTAKO OBRAK
Teilatua zaharberritzea.
SUBENTZIOAREN ZENBATEKOA
2008ko Plana: 29.500 €